Hasierara
Inprimatu
HONELA MINTZATU ZEN ZARATUSTRA Friedrich Nietzsche

    Berrerospenaz



Egun baten Zaratustra zubi handi batetik igarotzean, elbarritu eta eskaleek inguratu zuten, eta konkordun batek honela hitz egin zion:

"Hara, Zaratustra! Herriak ere ikasten du zugandik eta fede ematen dio zure irakatsiari: baina erabat sinets dezan, gauza bat falta du oraindik -aurrena elbarrituok komentzitu behar gaituzu! Hemen daukazu aukera ederra eta zinez, eta ile bat baino gehiago duen abagadunea! Itsuak osa ditzakezu eta elbarrituak lasterkarazi; eta atzealdean gehiegi daukanari, zerbait ken zeniezaioke: -Hori litzateke, nire iritziz, elbarrituek Zaratustra sinets dezaten bide zuzena!"

Zaratustrak ordea, honela erantzun zion hitz egin zuenari: Konkordunari konkorra kentzen bazaio, izpiritua ere kentzen zaio -honela irakasten du herriak. Eta itsuari begiak ematen bazaizkio, gauza oker gehiegi ikusiko ditu lurraren gainean: eta honela osatu duena madarikatuko luke. Eta elbarritua lasterkarazten duenak, horrek egiten dio kalterik handiena: zeren lasterka egiteko gai izango den orduko, bizio guztiek menpean erabiliko baitute -honela irakasten du herriak elbarrituez. Eta zergatik ez du Zaratustrak herriarengandik ikasi behar, baldin eta herriak Zaratustragandik ikasten badu?

Niretzat, horixe da, ordea, gutxienekoa, gizonen artean bizi naizenez gero, ikusi ahal izatea: "Honi begia falta zaio eta hari belarria, hirugarrenari zangoa, eta bada beste bat mihia edo sudurra edo burua galdu duena ere."

Ikusten ditut eta ikusiak ditut okerragoak eta zenbait gauza hain nazkagarriak, non guztiez ez nukeen hitz egin nahiko, eta batzuez ez nuke isildu ere egin nahiko: izan ere, gizon batzuei dena falta zaie, gehiegiz duten zerbait izan ezik -gizonak, ezertxo ere ez direnak begi handi bat izan ezik edo mutur handi bat edo sabel handi bat edo beste zera handiren bat- elbarritu alderantzikatu deitzen diet nik horrelakoei.

Eta ni neure bakardadetik etorri eta lehendabiziko aldiz zubi honetatik igaro nintzenean: ez nien neure begiei sinesten eta behin eta berriz begiratzen nuen eta azkenean esan nuen: "Hau belarria duk! Gizona bezain belarri handia!" Hobeto begiratu nuen: eta benetan, belarriaren azpian zerbait mugitzen zen eta errukia sortzeko bezain txiki eta behartsu eta ahula zen. Eta egitan, belarri eskerga hura ziritxo mehe batean kokaturik zegoen -eta ziria gizona zen! Begien aurrean beira bat jarriz gero, aurpegitxo bekaiztia ere antz ematen zitzaion; eta arimatxo hanpatua ere bai zirian kulunka. Eta herriak esan zidan belarri handi hura ez zela gizon bat soilik, gizon handi bat, jeinu bat baizik. Baina ez nion herriari sinesten gizon handiez hitz egiten zuenean -eta elbarritu alderantzikatua zela sinetsiz jarraitu nuen, denetarik gutxiegi eta gauza bakar batean gehiegi zeukana.

Zaratustrak konkordunari honela hitz egin zionean eta bera bozeramale eta aldezle zutenei, haserre bizitan dizipuluengana zuzendu zen eta esan:

Zinez, ene adiskideok, giza atal eta gorputzadarren artean bezala nabil gizonen artean!

Hau da nire begietarako ikaragarriena, gizona zatikaturik eta barreiaturik aurkitzea burruka- eta hilkintza-zelai batean bezala.

Eta nire begiek orainetik iraganera ihes egiten badute: beti gauza bera aurkitzen dute: atalak eta gorputzadarrak eta halabehar ankerrak -baina gizonik ez!

Oraina eta iragana lurraren gainean -ai! ene adiskideok- hauxe da niretzat jasangaitzena; eta nik ez nuke jakingo bizi izaten, honetaz gain etortzekoa denaren ikusle ez banintz.

Ikusle, desiratzaile, sortzaile, etorkizun ere bai eta etorkizunerako zubi -eta ai, gainera, nolabait esateko, elbarritu bat zubi honetan: guzti hori da Zaratustra.

Eta zuek ere sarritan galdetzen diozue zeuen buruari: "Nor da guretzat Zaratustra? Nola deituko diogu?" Eta nik bezala galderak eman dituzue erantzuntzat.

Agintzaile bat al da? Ala betetzaile bat? Konkistatzaile bat? Ala oinordeko bat? Udazken bat? Ala golde-nabar bat? Mediku bat? Ala zuzperraldiko bat?

Poeta bat al da? Ala egiati bat? Askatzaile bat? Ala bezatzaile bat? Zintzo bat? Ala gaizto bat?

Gizonen artean nabil etorkizunaren atal bailiran: neuk so egiten diodan etorkizunarena.

Eta nire gogoeta eta gurari guztia atal eta igarkizun eta halabehar anker dena batasunean pentsatu eta biltzea da.

Eta nola jasango nuke gizon izatea baldin eta gizona poeta eta igerkizun-asmatzaile eta halabeharraren berrerosle ere ez balitz!

Iraganikoak berrerostea eta "izan zen" oro "hala nahi izan nuen!" bat bihurtzea - hori soilik litzateke niretzat berrerospena!

Nahia - honela deritzo askatzaileari eta poz-ekarleari: honela irakatsi dizuet, ene adiskideok! Baina beste hau ere ikas ezazue: nahia bera ere oraindik preso bat da.

Askatu nahia: baina nola deritzo askatzailea bera katepean daukanari?

"Izan zen": honela deritzo nahiaren hagin-karraskari eta ondoez bakartienari. Eginik dagoenarekiko indarge -nahia ikusle txarra da iraganarekiko.

Nahiak ezin du atzerantz nahi izan; denbora ezin eten ahal izatea eta denboraren irrika - hori da nahiaren ondoezik bakartiena.

Askatu nahia: zer asmatzen du nahiak berak ondoezetik bere burua askatzeko eta bere gartzelari iseka egiteko?

Ai, preso oro tentel bihurtzen da! Tentelki berrerosten du bere burua nahi atxilotuak.

Denbora atzerantz ez ibiltzea du bere barne-amorrua. "Izan zen hura, izan zen" -honela deritzo zirkinik eragin ezin dion harriari.

Eta horregatik eragiten die zirkin harriei amorruz eta haserrez eta mendeku hartzen du berak bezala amorrua eta haserrea sentitzen ez dituenaren lepotik.

Honela nahia, askatzaile zena, min-emaile bihurtu da: eta pairatzeko gai den guztiaren lepotik hartzen du mendeku, atzera egin ezin duelako.

Hauxe eta hauxe soilik da mendekua: denboraren eta bere "izan zen"aren aurkako nahiaren kontranahia.

Zinez, tenteltasun handia dago gure nahian; eta gizadi osoaren madarikazio bihurtu da tenteltasun horrek izpiritu izaten ikasi izana!

Mendekuaren izpiritua: ene adiskideok, honetaz izan dira orain arte gizonaren gogoetarik hoberenak: eta mina izan den tokian, hantxe izan behar zuen beti zigorrak ere.

"Zigor", beraz, honelaxe deitzen dio mendekuak bere buruari: gezur-hitz batez bihurtzen da azaluts kontzientzia ona.

Eta nahi duenarengan mina dagoen bezala, atzera joan nahi ezin duelako -era berean nahiak berak eta bizi orok izan beharko lukete- zigor!

Eta honela hodeiak eta hodeiak metatu dira izpirituaren gainean: azkenean zoramenak predikatu zuen arte: "Dena hondatzen da, eta horregatik, denak hondatzea merezi du!"

"Eta hauxe bera da justizia, bere seme-alabak irentsi behar dituen denboraren lege hura": honela predikatu zuen zoramenak.

"Gauzak moralki zuzenbidea eta zigorraren gainean ordenatzen dira. Ai ene! Non dago gauzen joairaren berrerospena eta “izatea” izeneko zigorra?" Honela predikatu zuen zoramenak.

"Izan ote liteke berrerospenik, betiko legerik izanez gero? Ai, higiezina da “izan zen” harria: zigor guztiek ere betikoak izan behar dute." Honela predikatu zuen zoramenak.

"Ez dago ezein egintza suntsitzerik: nola gerta zitekeen zigorraren bidez desegina! Hau, hauxe da "izatea" zigorrean betikoa, izateak beti egintza eta erru izan beharra!"

"Nahiak bere burua berrerosi eta nahia ez-nahi bihurtzen ez bada behintzat"- baina zuek ezagutzen duzue, ene senideok, zoramenaren alegi-kanta hau!

Nik saihestu egin zintuztedan alegi-kanta guzti horietatik, "Nahia sortzailea da" irakatsi nizuenean.

"Izan zen" oro zati bat da, igerkizun bat, zori anker bat -harik eta nahi sortzaileak gehitu arte: "Baina horrela nahi izan nuen!"

-Harik eta nahi sortzaileak gehitu arte: "Baina horrela nahi dut! Eta honela nahi izango dut!"

Baina dagoeneko mintzatu al da? Eta noiz gertatu da hori? Eta bere eromenaren uztarritik jaregin al da nahia dagoeneko?

Nahia bere buruarentzat berrerosle eta poz-ekarle bihurtu al da dagoeneko? Ahaztu al ditu mendekuaren izpiritua eta hagin-karraska guztia?

Eta nork irakatsi dio denborarekin adiskidetzen eta adiskidetze oro baino goragokoa den hori?

Adiskidetze oro baino goragoko zerbait nahi izan behar du nahiak, botere-nahia denean: -baina nola gertatuko zaio hori? Nork irakatsi dio atzerantz ere nahi izaten?

-Baina hitzaldiaren une honetan zera gertatu zen, Zaratustra bapatean gelditu egin zela eta izudura handienak joa dagoenaren guztiz antzeko zirudiela. Begi izutuez begiratu zien dizipuluei; haren begiek geziek bezala zulatzen zizkieten pentsamenduak eta atzepentsamenduak. Baina handik apur batera berriro barre egin eta patxadaz esan zuen:

"Zaila da gizonekin bizitzea, zeren isiltzea oso zaila baita. Berritsu batentzat batipat".-

Honela mintzatu zen Zaratustra. Eta konkordunak entzun zuen hizketaldia eta aurpegia estalirik edukia zuen; eta Zaratustraren barrea entzutean, jakiminez begirada jaso eta astiro galdetu zuen:

"Baina zergatik hitz egiten digu Zaratustrak guri dizipuluei ez bezala?"

Zaratustrak erantzun zuen: "Zer du horrek harritzekorik! Konkordunei konkordun erara hitz egin lekieke!"

"Ederki", esan zuen konkordunak; "eta ikasleekin eskolako erara ere hitz egin liteke.

Baina zergatik hitz egiten die Zaratustrak bere ikasleei -bere buruari ez bezala?" -



Gora