Itzuli
Hasierara
Inprimatu
HONELA MINTZATU ZEN ZARATUSTRA Friedrich Nietzsche

    Hiru eraldakuntzez




Izpirituaren hiru eraldakuntzez mintzatuko natzaizue: izpiritua nola gamelu bihurtzen
den, 
eta gamelua lehoi, eta lehoia azkenean haur.

Zama asko jasaten ditu izpirituak, izpiritu irmo eta eramanekoak, begirunearen jabe denean: bere irmotasunak zamarik handien eta astunenak eskatzen ditu. 

Zer da astuna, honela galdetzen du eramaneko izpirituak, honela belaunikatzen da eta ongi zama dezaten nahi du. 

Zer da astunena, heroiok! honela galdetzen du eramaneko izpirituak, neure gainean har dezadan eta nire irmotasuna poz dadin. 

Hori ez al da: apaltzea, hantusteari min emateko? Norbere zorotasunari argi egiten uztea, norbere jakituriaz iseka egiteko? 

Edo ez ote da: guretarrengandik aldentzea, guztiak garaitia ospatzen ari direnean? Edo mendi garaietara igotea, tentatzailea tentatzera? 

Edo ez ote da: jakintzaren ezkur eta belarrez elikatzea eta ariman egiarengatiko gosea pairatzea?

Edo ez ote da: gaixorik egotea eta kontsolatzaileak bidaltzea eta gorrekin adiskide bihurtzea, norberak nahi duenik inoiz entzuten ez dutenekin? 

Edo ez ote da: ur zikinetara jaistea, bera egiaren ura denean, igel hotzak eta apo beroak norberagandik saihestu gabe? 

Edo ez ote da: arbuiatzen gaituztenak maitatzea eta izutu nahi gaituzten mamu guztiei eskua luzatzea? 

Zama astunen guzti hauek hartzen ditu bere gainean eramaneko izpirituak: basamortuan zamaturik dabilen gameluaren gisara, horrela dabil bera ere bere basamortuan barna.

Baina basamorturik bakartienean gertatzen da bigarren eraldakuntza: lehoi bihurtzen da hemen izpiritua, askatasuna eskuratu nahi du eta bere basamortuan jaun izan. 

Bere azken jauna bilatzen du hemen: beraren eta bere azken Jainkoaren etsai izan nahi du, garaitia lortzeko herensuge handiarekin burruka egin nahi du. 

Zein da izpirituak aurrerantzean jaun eta Jainko deitu nahi ez duen herensuge handi hori? "Behar duk" deritzo herensuge handiari. Baina lehoiaren izpirituak "nahi diat" esaten du. 

"Behar duk" horrek ixten dio bidea, urre-distiratan, animalia ezkatatsu bezala, eta ezkata bakoitzean urre-distiratan ageri zaio "Behar duk!" 

Milaka urtetako balioek dir-dir egiten dute ezkata hauetan, eta herensugerik ahaltsuena honela mintzatu zen: -gauzen balio guztiek nigan dir-dir egiten dute. 

Balio guztiak dagoeneko sortuak daude -eta sorturiko balio guztiak- ni naiz. Zinez, gehiago ez du izan behar "nahi diat" batek. Honela mintzatzen zen herensugea.

Ene senideok, zer premia dago lehoiarenik izpirituan? Ez al da aski animalia zamariarekin, denari uko egin eta begirunea dionarekin? 

Balio berriak sortzea -lehoiak ere ezin du hori: baina sorketa berrietarako askatasuna sortzea- lehoiaren ahalmenak badezake hori. 

Askatasuna sortzeko eta betebeharraren aurrean ezetz sakratu bat esateko: horretarako, ene senideok, lehoiaren premia dago.

Balio berrietarako eskubidea izatea -horixe da izpiritu eramaneko eta begirunetsuaren lorpenik errespetagarriena. Zinez, harrapaketa bat da hori berarentzat, eta piztia harraparien gauza. 

Bere gauzarik sakratuentzat maitatu zuen behinola bere "behar duk" hura: orain sakratuenean ere nahikundea eta apeta aurkitu behar ditu, bere maitasunetik askatasuna harrapatzeko: lehoiaren premia dago harrapaketa horretarako. 

Baina esaidazue, ene senideok, zer egin lezake haurrak, lehoiak berak ere egin ahal izan ez duenik? Zergatik bihurtu behar du orduan lehoi harrapariak haur? 

Errugabetasuna da haurra eta ahazmendua, haste berri bat, jolas bat, bere baitan biraka dabilen gurpil bat, lehen mugimendu bat, baietz esate sakratu bat. 

Bai, sortzearen jolaserako, ene senideok, beharrezko da baietz esate sakratu bat: bere nahia nahi du orain izpirituak, bere mundua irabazten du mundutik aldenduak. 

Izpirituaren hiru eraldakuntza aipatu dizkizuet: izpiritua nola gamelu bihurtu zen, eta gamelua lehoi, eta lehoia azkenik haur.- 

Honela mintzatu zen Zaratustra. Eta orduan "Behi Nabarra" zeritzan hirian geratu zen.


Gora
Hasierara