Hasierara
Inprimatu

Bitalismoa eta Susmoaren filosofia: Nietzsche, Marx eta Freud


Susmoaren filosofoa

Garaikideak diren Marx, Freud eta Nietzscheren pentsamenduan “susmoa” kontzientzia kritikoaren baldintza bihurtzen da, pentsaera cartesiarraren ziurtasunen aurrean. Hortik aurrera, pentsamenduak errealitatearen iruzurrari aurre egiteaz gain, pentsamenduaren iruzurrari ere aurre egin behar dio. Kritika eta analisia ezinbesteko bihurtzen dira errealitatea ezagutzeko eta eraldatzeko. Kultura judeo-kristauaz susmoak zituzten: historiaren motorraz, Moralaren jatorriaz eta Kontzientziaren izaeraz.

Marxen teoria, Materialismo historikoa deritzo, historiaren teoria marxista, ekonomia gizartearen historiaren funtsezko eragilea dela dioena. Gizarteko klase-borroka eta produkzio-bideen garapen eta kontrola dira historiaren indar eragile horretan elementu erabakigarriak. “Mundua hainbat eratara interpretatzera mugatu dira filosofoak; hura eraldatzea da egin beharrekoa” Karl Marx, Feuerbachi buruzko tesiak (1845).

Freudek, bere 1929an idatzitako "Zibilizazioa eta haren nahigabetuak" lanean, mendebaldeko zibilizazioaren egonezinaren arrazoia, moral eta kultura burgesak zentsuratutako libidoan dagoela dio. Inkontzientea ikertu zuen, non Eros (libidoa) eta Thanatos (agresibitatea), errepresioaz josiak, gure kulturak inposatutako balore ideialekin borrokan dauden.

susmoaren filosofia


Nietzschek zientzia, erlijioa eta filosofiaren alorrean izan diren ereduak, egia, ongia eta abar, gizakiaren okerreko jarraibideak diren susmoa edo ustea argudiatu zuen. Nietzschek erabat kritikatu zuen mendeetan zehar hedatuz joan zen Mendebaldeko kulturgintza osoa, gizakia eta honen bizibidea pozoitu eta lardaskatu zuelakoan. Filosofoek, mundu fisikoarekin gustura ez daudenez, haraindiko munduaren irudia asmatzen dute bere nahiak gauzatzeko. Nietzschek historia osoaren aurkako erasoan etorkizuneko gizarte egoera aurreikusten saiatu zen, hurrengo bi gizaldiak nihilismoaren egonlekuak izango zirela esanez. Nietzscheren ekarpenak benetan gogoan hartzekoak dira, Europako kulturaren egoera ustela salatzen dutelako, ikuspegi psikologikoa azkeneraino nola eraman irakasten dutelako, eta bizitzaren filosofia sortzen dutelako.


Bitalismoa: bizitza ez da kontzeptuan atzematen


Funtsezko errealitatea den bizitza, sen, grina eta afektuen multzoa da, beraz zerizan arrazionalik gabeko zerbait. Nietzscheren arabera bizitzaren baitan kontrakoen borroka etengabea eta kontrakoen elkar inplikazioa gertatzen da; ondorioz, ezin da ezagutu fenomeno bitala kategoria arrazionalen bidez eta adimena baino baliotsuagoak dira intuizioa eta irudimena. Metafisikaren kontzeptuen eta baita arrazionalismoaren kritika egiten du, zeren eta pentsamenduak, kontzeptuetan bildutakoak, errealitatea makurtu edo desitxuratu egiten du. Bizitzaren benetako muina jardun estetikoak betetzen du, gizabanakoa, une batean azaltzen den puska besterik ez da. Arrazionalismoak arrazoia eta jarrera logikoa jartzen baititu balorazio estetiko-tragikoen gainetik. Nietzschek bizitzari buruz duen ikuspegiaren arabera, hau etengabe eraldatzen ari da. Arrazionalismo intelektualistarentzat, berriz, bizitza etenean, geldirik dago

Gora.

Hurrengoa: Dionisos eta Apolo