Hasierara
Inprimatu

Nor da Nietzsche?


Friedrich Nietzsche 1844. urtean jaio zen Rockenen, Alemanian, Turingiako herri txiki batean. Aita artzain protestantea zen, baina Nietzschek bost urte zituenean hil egin zen. Orduan bere arreba Elizabeth eta amarekin Naunborgora joan zen; hor emakumez inguratuta bizi zen. Bere familiaren giro erlijioso estuaren kontra errakzioan uler daiteke bere filosofiaren ateismoa.

Hamabi urte zituenetik begietako eta buruko minak izan zituen, eta bere bizitza osoan zehar gaixorik egon zen; gaixotasuna denborarekin areagotu baino ez zen egin. Gymnasium eta Pfortako barnetegian egin zituen lehen eta bigarren mailatako hezkuntzak, hurrenez hurren. Hamalau urterekin (1858), Pforten kultur greziarra eta musikarenganako interesa piztu zuen.

1864. urtean, hogei urterekin, Bonngo unibertsitatean Teologia eta Filologia klasikoa ikasi zuen bi seihilekoz, baina teologia ikasketak bertan behera utzi zituen. Hurrengo urtetik aurrera erreumatismo larria sufrituko du; baliteke meningitis infekziosoa edo sifilisa izatea. Udazkenetik aurrera filologia ikasiko du Leipzigen. Schopenhauerren filosofia irrazionalista ezagutuko du, berarengan eragin handia izango duena. Musika konposatzen du. Wagner ezagutu eta bere musikaren miresle agertuko da. Leipzigen ezagututako Ritschl maisuak Basileako Unibertsitateko filologia katedrarako gomendatu zuen Nietzsche, eta horrela hogeita bostekin katedra lortu eta Greziako literatura eta filologia irakatsi zituen. 1870ean erizain moduan hartu zuen parte guda Franko Prusiarrean, baina gaixotu eta Basileara itzuli zen.

Ondoren, Wagner bultzatuta, bere lehenengo lana idatzi zuen: “Tragediaren sorrera musikaren espiritutik” (1872), Grezia eta Alemaniako kulturen gainbehera alderatuz. Hurrengo urtean, “Egiaz eta gezurraz moraletik kanpoko zentzuan” (1873) obran modan zeuden positibismo eta zientifizismoa arbuiatzen ditu. Migrainak gero eta jasangaitzagoak dira. Hogeita hamabi urterekin gaixotasun lizentzia eskatzen du. 1878an Wagnerrengandik betiko urrundu zen. “Gizatiarra, gizatiarregia” (1878) idazten du.

Bere ondoeza gero eta larriagoa da; etengabeko begietako eta buruko minak jota, okadaka nabil ia beti. Hiru urte beranduago, hogeita hamabostekin, erretiroa hartu zuen. 1882an Lou Andreas Salomerekin “Bizitzari otoitza” abestia konposatzen du. Lou Andreas Erroman ezagutu zuen kultur eta pertsonalitate handiko emakume judu-errusiarra zen. Paul Ree eta Nietzsche berarekin maiteminduko dira, baina berak adiskidetasuna soilik eskainiko die. Liliana Cavannik “Ongiaz eta Gaizkiaz haraindi” filmean ederki irudikatzen du Nietzscheren bizitzaren pasadizo hau. Italia, Suitza eta Alemaniatik bidaiatu zuen. Hemendik aurrera, uda Sils-Marian (Suitzako Alpeak), eta negua Italiako zenbait herritan emango du. Garai honetan, libururik ezagunenak idatzi zituen, “Zientzia alaia”(1882), “Honela mintzatu zuen Zaratustra” (1883), “Ongiaz eta gaizkiaz haraindi” (1886), eta “Moralaren genealogia” (1887). Berrogeita lau urte zituela “Idoloen ilunabarra”, “Antikristoa”, eta bere autobiografia den “Ecce homo” idatzi zituen, baina erotasun krisi larriak bere obra eten zuen. Hurrengo urtean eskizofreniak lur jota utzi zuen Nietzsche betirako. 1900. urtean hil egingo da, bere filosofia pentsamendu garaikidean eragina izango duela ezaguna izanik.


“Bizitzari otoitza”: Friedrich Nietzscheren doinua eta Lou Andreas Saloméren letra


Bere arreba  Elisabethek eragin handia izan zuen bere bizitzan, baita haserraldiak sortarazi ere; Lou Salome ez zuen onartzen, eta geroago antisemita batekin ezkondu zenean, Nietzschek arrebarekin harremana moztu zuen. Baina, Nietzschek azken urteak bere etxean erotuta igaro zituen hil arte. Arrebak Nietzscheren azken liburuak argitaratu zituen faltsukeriaz josiak: zati batzuk kendu eta nazismoaren aldekoak ematen zutenak nabarmendu zituen. Hitler bera, Nietzscheren oroimenez egindako kongresuan egon zen. Geroago iruzurra argitu da.

Nietzscheren pentsamenduak lau garai ditu, baina lauretan agertzen da bizitza funtsezko baliotzat berreskuratzearen beharra eta bizitza itotzen duten balio faltsuen alderanzketa:

Aldi erromantikoan edo gauaren filosofian (1871-78) Schopenhauer eta Wagneren eragina izan zuen. Garai honetan natura apoliniarra eta dionisiakoaren antitesia azaltzen digu; bizitza joko tragiko bat bezala aurkeztuz. (Idazlana: Tragediaren sorrera musikaren espiritutik).

Aldi positiboan edo ilustratuan, goizaren filosofian (1878-82) frantses ilustratuen eragina izan zuen, adibidez Voltaire. Metodo genealogikoa erabiltzen du metafisikaren eta kultur tradizionalaren faltsutasuna agerian usteko. (Idazlanak: Gizatarra, gizatarregia da;  Egunsentia eta Zientzia alaia).

Zaratustraren mezuaren aldian, eguerdiko filosofian (1882-85) bere ideiarik garrantzitsuenak azaltzen ditu, “Honela mintzatu zuen Zaratustra” lanarekin: supergizakia deskribatzen du eta jainkoaren heriotza, botere nahia, etengabeko itzulera eta kristautasunak eragindako balioen alderanzketa tratatzen ditu.

Garai kritikoan edo ilunabarraren filosofian (1885-89) kultura osoa kritikatzen du, azken gizakia suntsitzearen eta balio berrien beharra aurkeztuz. (Idazlanak: Ongiaz eta gaizkiaz haraindi; Moralaren genealogia; Antikristoa; Ecce homo)

BBC: Nietzsche, Human all too human
 (gazteleraz)
(ingelesez)

Hurrengoa: XIX. mendea

Gora