Hasierara
Inprimatu

Epistemologia eta hizkuntzaren kritika

J. Jimenez eta A. Olariagaren “Modernitatearen auziaz” liburutik moldatua

“Egiaz eta gezurraz moraletik kanpoko zentzuan” (1873) idazki laburrean, Nietzschek, hizkuntzaren teoria oso bat adierazten du, baita ezagutzaren kritika zehatz bat ere.

Ezustekorik eta aparteko aldakuntzarik gabeko munduan bizitzea erosoago zela ikusita, itxurazko kontzeptu batzuk sortu zituen filosofiak, fikzio hutsa ziren arren. Hitzen bidez mundua kontzeptualizatu dugu; hau da, hizkuntzaren bidez errealitatea istant batean gelditzea, izoztea. Mendeetan zehar, gizakiak ontzat hartu izan dituen kontzeptu horiek, ezinbestez, haren bizimodua arrazoi-bidean sartzeko asmazioak besterik ez dira. Itxurazko kontzeptu horiek ez lirateke errealitate objektiboari dagozkionak, komeni diren asmazioak baizik, “Izaki Absolutua”, “haraindikoa”, “mundu iraunkorra”, “ezagutza ziurra” eta “kontzeptuen existentzia”, adibidez. Asmazioetako batzuk, hizkuntzaren barnean sortu, eta eztabaidatu ezinak diren egia bihurtu dira. Nietzschek “hosto” kontzeptua nola sortzen den gogorarazten digu:

“Kontzeptu oro kasu ez-berdinak parekatuz osatzen da. Egia bada ez dagoela hostorik beste baten berdina denik, egia da, halaber, hostoaren kontzeptua diferentzia indibidualak arbitrarioki abandonatzean osatzen dela; nota bereizgarriak ahanztean, alegia. Horrela, errepresentazioa sorrarazten da, naturan, hostoengandik bereizita, “hosto” bezalako zerbait egongo bailitzan, jatorrizko arketipo moduko bat, hartatik hosto guztiak direlarik ehundu, diseinatu, neurtu, koloreztatu, ondulatu eta margotu.”

Baina errealitatea ez da geldia, kontzeptuari eskapatu egiten zaio. “Zer da hitz bat? Bulkada nerbioso baten soinu bidezko erreprodukzioa. Baina, bulkada nerbiosotik abiatuta gugandik kanpoko kausa baten existentzia inferitzea, arrazoi–printzipioaren erabilpen faltsu eta justifika ezinari zor zaio.”

Eta beraz, zer da “txakur” kontzeptua? Inpresioen multzo bat besterik ez. Hitzek eta hizkuntzak gauzen eta gizakiaren arteko erlazioak bakarrik izendatzen dituzte (metaforikoki). Eta gehiago, Nietzschek esaten digunez, hitza, berdina ez denaren identifikazioari esker bihurtzen da kontzeptu.

Baina, bizitza etengabe doa aurrera, gauzak arrapaladan gertatzen dira, eta gizakiak errealitatearen jario hori ezin menderaturik dabiltza. Ildo horretatik; nahiz eta filosofoek, errealitate aldakorrarekin nahigabetuta aritzen diren hasieran izan den subjektu kreatzaile hori ahaztu dutelako, egia absoluturik ez dago.

Hizkuntzaren kritikan Nietzschek Hegelen eta Aristotelesen hizkuntzaren ikuspegi naturalista kritikatuko ditu, naturalismoak determinismo bat eta munduaren orden bat (metafisika) aurresuposatzen duten heinean. Filosofoak, kontzeptuen bidez egia eraikitzerakoan hartzen duen hizkuntzaren jatorria, ez dago errealitatean, ez dago adimenean, ez dago gauzen esentzian. Eta orduan, zer da egia?

“Mugitzen diharduen metafora, metonimia, antropomorfismo andana; finean, giza harremanen multzo bat, poetikoki nahiz erretorikoki goretsia, estrapolatua, apaindua, eta erabilera luzearen luzez, herri batek irmo, kanoniko eta lotesletzat hartzen duena. Ilusio direla ahaztutako ilusioak dira egiak. Ahituta eta indar sentigarririk gabe gelditu diren metaforak”

Egia; ohituraren eta erabilpenaren bidez metaforak direla ahaztu dugun metafora zaharkituak besterik ez. Hizkuntzak ez du egiaz hitz egiten, metaforen bidez eraikitzen ditugun perspektibak ematen dizkigu gehienez. Hizkuntzak beraz, hasierako metafora horietatik, munduaren eta gizakiaren metafisika bat egiten du. Filosofiak eta kristautasunak ordea, ez dute bakarrik munduaren metaforizazio edo sinplifikazio bat egiten, naturaz kanpoko metafisika bat egiten dute ere, horixe baita metafisika, “meta”, haraindi eta, “fisis”, natura; metafisika baten metafisika bat beraz.

Zein hizkuntzaren kritika honen helburu nagusia? Argi dago; gizakiak hizkuntza eta mundua maila berean ipintzean sortzen den metafisika salatzea. Bi eremu hauen artean ez baitago harreman zuzenik, bien arteko zubia metaforen bidez egiten dugu; hau da, abstrakzio bidez, generalizazio bidez, erosokeriaren beharrez. “Egia horien atzetik dabilenak zera bilatzen du soilik, munduak gizakiaren barruan jasaten duen metamorfosia: mundua ulertu nahi du, baina mundu humanizatua”. 

“Egia eta gezurra moralaz kanpoko zentzuan” idazkiaren hasieran, ezagutza eta giza adimenari buruzko gogoeta luzatzen digu:

“ Eguzki-sistema kontaezinak distira egiten duten unibertsoko bazter urruti batean, behin batean astro bat izan zen non animalia adimentsu batzuek ezagutza asmatu zuten. “Historia Unibertsaleko” minutu harroputz eta iruzurtiena izan zen; baina, azken finean, minutu bat, besterik ez. Naturak pixka batean arnasa egin ondoren, astroa izotzak estali zuen, eta abere adimentsuak hil egin ziren, ezinbestez. Bistan da, norbaitek asma zezakeela halako fabula bat, baina hala eta guztiz, ez luke behar bezala azalduko zein tamalgarri, zein ilun eta galkor, zein antzu eta arbitrario azaltzen den naturaren baitan giza adimenaren egoera. Hori existitu gabe, eternitateak izan dira; eta desagertu ezkero, ez da deus gertatuko, adimen horrentzat ez baitago misiorik giza bizitzatik haratago”

Nietzschek esaten digunez; “Ez gara jainkoaz libratuko gramatikan sinesten jarraitzen dugun bitartean”. Hitzek munduko gauzaren bat zuzenean izendatzen dutenaren sinesmena metafisika hutsa da. 

Adimenaren eta subjektuaren superstizioa gramatikaren sedukziotzat dauka Nietzschek. Eta sedukzio horretan jauzi izana leporatu dio Descartesi. Pentsatzea aktibitate bat da, ohitura gramatikal baten ondorioa besterik ez. Pentsatzea, Nietzscherentzat, gure desioen erlazionatze bat besterik ez da. Subjektua kontzeptua da, ez errealitatea.

Ekintza da dena. Subjektu ekintzaile soilarekin geratu behar gara hizkuntzaren erabilpen txarretik libratu nahi badugu beraz. Gizakia subjektu artistikoa da, kreatzailea; metafora ederrak sortu ditu, baina azken finean, metaforak besterik ez. Gizakien ekintza egingarrien artean, ezagutza ere boterea lortzeko baliabidea da. Jakin-mina, botere-nahiaren mendean da; horrela, gizabanako batzuek beste gizabanakoen aurrean kontserbatzeko erabiltzen dutena da adimena da. Hortaz, ezagutza ez da jakin-mina asetzeko edo egia absolutua argitzeko modua, bizirik irauteko indarra baizik.

Giza adimenak kontzeptuen bidez, lehenengo lengoaia eta gero zientzia eraikitzen du. Zientziaren bidez, gizakiak bere bizitza arrazoiarekin lotzen du, munduan orden bat ezartzeko asmo koldar bati eutsiz bere buruarekin galduta arrastaka ez egoteko. Gizakiak eraikitako munduaren orden faltsu hori bere ahultasunari aurre ez egiteko gotorlekua bihurtzen da, iruzurraz ahaztuz halabeharraz libratzeko. Nietzscherentzat, ordea, mundua etengabeko kaosa da, eta bizitza tragikoa da. Gaixotasunaz, izpiritua goranzko bidean jartzen duela esaten du “Zientzia alaia” idazlanean, eta badakigu bere bizitzan sufrimenduak izan zuen garrantzia. Hauxe litzateke heroi tragikoaren patua: kontzeptuek gidatzen duten ikuspegia bertan behera utziz, intuizioez orniturik bizitzaren agerraldi artistikoa egitea. “Intuizio horietatik abiatuta mamu-itxurazko eskemen herrira, edo abstrakzioen herrira daraman bide zuzenik ez dago”. Gizaki sortzaileak, oztopo kontzeptual guztiak suntsituz trufa egingo die, bizitzaren ikuskera artistikoan murgilduz.

Gora

Hurrengoa: Betiereko itzulera eta denboraren ikuspegia