Hasierara
Inprimatu

XIX. mendea: politika, kultura eta filosofia


Arlo politikoan, XIX.a oso mende istilutsua da. Bere aurrekariak Ilustrazioa, Frantziar iraultza eta Napoleoniar gudak dira. Industri iraultzaren garapen eta hedapenak Europa sozialki aldatzen dute. Burgesia kapitalista eta industrialak hegemonia politiko eta soziala lortzen du. Baina, aldi berean industrializazioak klase berri baten gehikuntza dakar berarekin, proletario edo langileria klasea, alegia. Klase honek bizitza baldintza gogorrak eta zapalkuntza jasan behar izango ditu mendean zehar. Pixkanaka klase kontzientzia hartuko du, alderdi politiko eta sindikatuak antolatu eta protesta mugimendu eta hainbat istiluetan parte hartuko du.

Mendearen hasieran Ilustrazioaren lorpenak mantendu nahi duten liberalen eta Erregimen Zaharraren aldeko Kontserbadoreen arteko borroka gertatzen da. Baina medea aurreratzen doan neurrian, mugimendu demokrata, sozialista eta anarkista berriek eragindako istilu sozialak nabarmenduko dira.

Arlo kulturalean, bi korronte dira nagusi: Erromantizismoa eta Positibismoa, biak Ilustrazioaren ondorengo zuzenak:

Erromantizismoa Ilustrazioaren arrazionalismoaren aurka sortzen da: etorkizunerako utopismo eta aurrerapen ideiaren kontra, atzerako begiradaren eta tradizioaren, arbasoen eta sustraien balorazioa egin zuen. Arrazoi unibertsalaren kontra agertu zen eta desberdintasun indibidualen eta konkretuaren gorespena aldarrikatu zituen. Beraz, Arrazionalismo ilustratuaren aurka irrazionala errealitatea ezagutzeko bidetzat jotzen dute. Sentimendua, intuizioa eta emozioak goraipatuko dituzte: Iluna, ametsa, inkontzientea, eritasuna eta eromena, hitz batean, arrazoiaren argiaren azpitik ezkutatzen den oro. Ilustrazioak eskubide unibertsalak dituen gizakiaren kontzeptua eratu zuen; erromantizismoak, gizaki konkretuez mintzatu nahian, indibiduoa ingurune sozial eta historikoan sustraitu zuen, gizakiak desberdinak egiten dituzten alderdiak azpimarratuz.

Horrela, Ilustrazioaren askatasun ideia ez zen gizakiaren kontzeptu abstraktuan aplikatu, baizik eta herri konkretuen ezaugarrietan. Arraza, tradizioak, folklorea, hizkuntza, instituzioak, hitz batean, herrien izpiritua osatzen duten ezaugarriek indibiduoari identitatea ematen diote. Hortik sortzen da europar nazionalismoaren iratzartzea. Lege aldaezinez guztiz menperatua dagoen natura mekanizistaren ordez (Ilustrazioaren kontzeptua), natura etengabe aldatzen den errealitatea bizia dela esango dute: naturaren ikuskera dinamikoa; natura, eta are gutxiago gizakia, ez dira makinak, bizirik diraute eta historia dute. XIX. mendeko zientzietan eta filosofietan, eredu organizistak eredu mekanikoa ordezkatzen du. Biologiaren zientzia, eboluzionismoa (Darwin), bitalismoa (Nietzsche), historizismoa (Dilthey) eta dialektika (Hegel eta Marx) izan daitezke aipatutakoaren adibideak.Tradizioa berreskuratzen dute, eta ilustrazioak gaitzetsitako Erdi Aroa baloratuko dute. 

Positibismoa, erromantizismoaren aurka sortzen da XIX. mendearen erdialdean. Korronte hau zientziarekin lotura estuan dago eta biologia zientzien garapenarekin batera ematen da. Erromantikoen irrazionalismoa arbuiatuz, ezagutza gertaera egiaztagarrietan eta zientzia esperimentalean oinarritzen dute. Zientzia da gizakiaren gida bakarra, arrazoi zientifikoa baino besterik ez dago eta hauxe da munduko ikuspegi bakarra.

Arlo filosofikoan, XIX. mendean ez dago beste mende batzuetan bezala pentsamendu korronte bat edo bi (arrazionalismoa eta enpirismoa), ikuspegi aniztasun eta aberastasun handia dago pentsamendu korronteei dagokionez, sarritan elkar kontrajartzen direnak.

Mendearen hasieran eta erromantizismoarekin lotuta Idealismo alemaniarra sortzen da. Kanten filosofian oinarri hartuta, bere ordezkaririk nagusiena Hegel dugu. Berriro metafisikara joko du, baina Kanten kontra, metafisikaren erabilera ez da murriztua; aitzitik, Hegelek errealitate osoa, natura eta bizitza, erlijioa eta artea, gizartea eta historia, den-dena sistema metafisiko bakar baten bidez azaltzera ausartu zen. Errealitatea, etengabe eboluzionatzen eta garatzen ari da “Dialektika” deitutako prozesuari jarraituz. Prozesu dialektikoaren legeak zehazten saiatu zen Hegel: garapen historikoaren azkeneko helburua Ideia edo Izpiritu absolutu eta arrazionalaren agerraldia proposatuz.

XIX. mendearen erdialdean Idealismoaren eta erromantizismoaren aurka positibismoa azalduko da. Comte, filosofo eta soziologoaren arabera, gizadia hiru aldi edo faseetatik pasatu da: aldi teologikoa (herri primitiboen aldia), aldi metafisikoa (Platonetik hasita XIX. mendera arte) eta aldi positiboa (zientziaren aldia). Azkenik, zientziak filosofia guztiak ordezkatuz, gizadia aurrerapenerako bidean jarriko du. Mundua ezagutzeko eta giza arazoak konpontzeko bide bakarra arrazoi zientifikoa da, espekulazio metafisiko guztiak alde batera utziz, gertaera egiaztagarrietan soilik oinarri hartuta. Positibismoaren aurka, Nietzschek perspektibismoa defendatuko du: ez dago gertaera objektiborik, balorazio subjektiboaren araberako interpretazio ezberdinak soilik.

Bi korronte hauen oinordekoak eta industri iraultzaren ondorioekin kezkatuak, gizarte mugimenduak sortu ziren garai honetan: sozialismoa, marxismoa eta anarkismoa. Marxek materialismo dialektikoa sortu zuen: Hegelen filosofian errotuta dagoen historiaren ikuspegi dialektikoa, baina Hegelen idealismoaren lekuan materialismoa jarriz. Teoria honen arabera, gizakiaren bizi baldintza materialek (infraestruktura ekonomikoa) gizakiek elkarren artean ezartzen dituzten harreman sozialak baldintzatzen dituzte, eta honekin batera, gizarteak izango dituen sinesmen, uste eta ideiak (ideologia). Materialismoaren arabera, ekonomia ez da gizakiaren ideien ondorioa, kausa baizik. Bizi baldintzak aldatzen direnean harreman sozialak ere aldatzen dira, eta ondorioz bizi baldintza horiek justifikatzeko erabiltzen den ideologia ere. Marxen arabera, filosofiak zeregin iraultzaile bat dauka: mundua aldatzea, hau da, gizakiaren bizi baldintzen aldaketa zapalkuntzarik gabeko gizartea bermatuko duena, klaserik gabeko gizarte komunistara, alegia, historiaren azken aldira.

XIX. mendearen amaieran, positibismoaren aurkako korronteak agertuko dira, hurrengo mendearen hasiera iragartzen dute: Historizismoa, Pragmatismoa eta Bitalismoa. Nietzsche bitalismoaren barruan koka daiteke, bizitza errealitatearen oinarritzat hartzen duena, errealitate osoaren esentzia. Historizismoak (Dhiltey) errealitatearen izaera historikoa nabarmentzen du (giza errealitatea barne), beraz, gauzen izaera erlatiboa da, eta ez absolutua. Pragmatismoan (James), gauzen eta giza pentsamenduaren izaera erabilkorra azpimarratzen dute: egia bat egia da giza arazoak konpontzeko erabilgarria den neurrian.

Gora

Hurrengoa: Aurrekariak