Hasierara
Inprimatu

Botere-nahia


Supergizakia botere nahiaren emaitza da. Kontzeptu honek, bizitzaren esentzia eta errealitatearen ikuspegi aniztasuna esan nahi du. Naturan ikusten ditugun indar guztien atzetik botere nahia dago: natur fenomenoetan, udaberriko loreen indarretan eta gizakiaren gogoan baita ere. Bizi bulkada, gehiagora jotzen duen botere nahiaren adierazpen bat da. Indar bultzatzaile oro botere nahia da: izaki guztiek bere botere nahia gehitu nahi dutela, beraien ahalmena eta indarra handitu, alegia. Beraz, botere nahia izatearen esentzia da; bulkada biologiko, organiko eta kulturala aldi berean; izaki guztien goiko forma aurkitzera, forma garaiagoak lortzera, beti gehiagora igotzera bultzatzen duen indarra. Indar unibertsala da eta kultur arloan supergizakira garamatza.

Botere nahiak ez dauka zentzu politikorik, ez da mendekoak edo ahulak mende jartzea, baizik eta nork bere buruan duen uste osoa, bizitzaren ahalbidean sinesteko joera. Horren jakitun egon behar da erronka handiei aurre egiteko. Bere buruarenganako sentikizun ziurra, sendoa eta boteretsua duenak, gainerakoek ere beren nahiak eta ekintza esparruak indartzea nahi izaten du. Botere nahia supergizakiaren bertutea eta izaera da, norberak duen indarraren jakitun izatea.

Bizinahia zenbat eta kementsuago, indartsuago, orduan eta desberdintasun handiagoa sortuko du gizakien artean. Aitzitik, zenbat eta ahulagoa, orduan eta berdinagoa. Horrela gertatzen zaio bekaiztiari eta harroputzari, alegia. Zenbat eta ahulago, hainbat eta eginahal handiagoa egingo du guztion berdintasunerako, dituen aldeak eta bereizgarritasunak gainerakoekin berdintzeko. Gainerakoei botere esparrua galaraziko diete, bereari eusteko; modu honetara, besteen beldurra eta mesfidantza, beren ahultasunaren adierazleak dira. 

Honela mintzo zen Zaratustra liburuko “Hiru eraldakuntzaz” pasartean, lehoiak bere buruaren jabea izan nahi du, baina oztopo bat aurkitzen du, behar duk, moral tradizionalaren balioek hartzen duten izena, hain zuzen ere. “Behar duk” honen aurrean lehoiak nahi diat esanez, moral honek eztabaidaezintzat jotzen dituen balioak zalantzan jartzea lortzen du. Baina, balio horietatik guztiz askatzeko, lehoia haur bilakatu beharko da, balio berri eta bizibide berriak sortzeko gai dena, “ni naiz” esaten duena. Haurrak “ni naiz” esanez, betiereko sorketa eta suntsiketetan atsegin duen jainko grekoa aipatzen du, Dionisos, alegia. Haurrak sortzen duen neurria “bai” dionisiako bat esaten dio munduari, den bezala onartuz.

Nietzscheren ustez, sufrimendua bizitzaren osagai funtsezko bat da. Bizitza tragikoa da, kontraesana da. Bizitza indarrak gehitzeko borroka bat da. Bizitzaren esparru guztietan gertatzen da hori. Eta gizakia ez da salbuespen bat. Haatik, Botere-nahi dekadentea daukatenek ezin dute bilakaeraren munduan dagoen sufrimendua eta mina jasan. Horregatik, aterpe bat bilatu behar dute mundu naturaletik kanpoan. Hango ezaugarriak mundu naturalaren kontrakoak dira, esate baterako ziurtasuna, ongitasuna, bizitzaren erraztasuna, arriskugabetasuna, mingabetasuna. Mundu naturgainekoaren eraikuntza egoera jasanezin bati erantzuna da. Sufriarazten duen munduari beste munduaren eraikuntza gorrotoaren ondorioa da, non sufrimendurik ez dagoen. Nietzscheren arabera, metafisikariek errealitatearen kontra daukaten gorrotoa kreatzailea bihurtzen da. Baina sorketa hori dekadentea baino ez da. Beheranzko ezaugarri hori argi agertzen da ikusten denean nortzuk kontserbatuko diren, moral honi esker, mundu metafisikoan: artaldeko kideak. Nietzscheren ustez, mundu errealaren funtzionamendu-mekanismoa botere-nahien indarrak gehitzean datza. Eta mundu erreal honetatik kanpo ez dago ezer. Horregatik, moralak eraikitako aterpea sufrimendutik ihes egiteko ezdeus huts bat besterik ez da izango.

Botere nahiak mundua aldaketa eta prozesu gisa ulertzera behartzen du. Errealitatea bilakaera da eta ikuspegi aniztasuna du. Metafisikak, bilakaera itxuratzat jotzen zuen, eta arrazoiak asmatutako mundu ideial eta bakarra egiazkotzat. Bizitza onartzeak bilakaera bereganatzea exijitzen du. Baina bilakaera ezin da kontzeptuen bidez adierazi, kontzeptuak gauzen izaera betiko finkatzen saiatzen dira eta ezinezkoa dute gauza beraren izatearen aniztasuna bereganatu.

Gora

Hurrengoa: Epistemologia eta hizkuntzaren kritika