Hasierara
Inprimatu

Betiereko itzulera eta denboraren ikuspegia

(Jose Ignazio Galparsororen “Betiereko itzulera Nietzscheren pentsaera” liburutik moldatua)



Garbi dago Nietzscheren proposamena ez dela suntsitzailea bakarrik. Lehenengo unean, bai: suntsitzailea da. Baina bigarrenean moral berri baten eraikuntza proposatzen du. Eta moral berri honetan, baloratzeko modu pribilegiatu bat jadanik ez dago. Beraz, esklusibo eta bakarrak izan nahi duten moralak eraikitzea ez da zilegi izango.

Balio guztien alderanzketa-prozesuaren emaitza den moral berria, betiereko itzulera teoriaren zigiluarekin markatuta dago. Nietzscheren betiereko itzuleraren hipotesia zera da, laburbilduz: mundu honetan gertakari guztiak, txikienak barne, ezin konta ahala aldiz gertatu dira eta ordenu berberean betirako errepikatuko dira (denboraren ikuspegi zirkularra).

Betiereko itzuleraren hipotesiaren eta tradizio judu-kristauaren arteko desberdintasuna denbora ikuskeran datza (lineala edo zirkularra). Betiereko itzuleraren hipotesiaren arabera, jatorrian ez dago jainkoaren kreazioa, hasiera bat; modu berean, bukaeran ez dago helburu bat, lurreko munduaren amaiera eta Paradisuaren etorrera, alegia. Denboraren lerroa biribilduz ixten denez gero, haraindiko azalpenek ez daukate zentzurik, gizakiak ez du kanpotik etorritako arau moralik bete behar.

Horrela mintzatu zen Zaratustra “Berrerospenaz” pasartean, Zaratustrak gizaki sortzailea denboraren ikuspegi linealaz askatu behar dela dio, hau da, moral kristauak eta metafisikak ezarritako ikuskera finalistak eta probidentzialistak jarritako kateetatik askatu behar dela: aurrez ezarritako helburu batera ailegatu beharraz. Zaratustra elbarritu eta eskaleez inguratua agertzen da, eta beraien halabehar ankerrak kentzeko erronka egiten diote. Zaratustra, iraganaz eta geroaz mintzatuko da: Mina sufritzen duen gizakiak “denbora atzerantz ez ibiltzea du bere barne amorrua”, dio Zaratustrak. Baina, iragana, zerbait higiezina edo fatalitate bat bezala ulertzen jarraituz gero, “gizaki oso” bat eraikitzeko asmoa ezin izango da burutu.

Gizakiak, iraganarekiko amorruaz, mundu hau mesprezatzen du bizitzaren aurka mendeku hartuz, eta bizitza berari errugabetasuna ukatuz, “zigor” deitzen dio. Modu honetan, justiziaren ideia barneratzen da: falta guztiak zigortu behar direla, norberak bere errua ordaindu behar duela, alegia. Metafisika eta kristautasunaren arabera, ez dago berrerospenik, mundu honetan behintzat; iraganaren eta gertatutakoaren erantzule garelako, atzera egitea ezinezkoa dugulako. Baina, Zaratustrak honela definitzen du “berrerospena”: “Izan zen” oro “hala nahi izan nuen” bat bihurtzea. Mendekutik garbikuntza, amorruaz eta erruaz askatzea dira Nietzschek proposatzen digun moral berriaren lemak.

Moral dekadenteak munduari egindako mesprezuaren aurrean; hau da, munduari esandako “ez”-aren aurrean, Nietzscheren moralak mundua den bezala, ezer kendu gabe, ezer salbuetsi gabe, ezer hautatu gabe alaitasunez onartzeko indarra du: munduari “bai dionisiako bat, munduari den bezala: bere betiereko itzulera absolutuaren desioraino” esaten dio. Moral baiesle hori kreatzaile dionisiakoari dagokio. Honek ez du gauza guztien betiereko itzulera jasan egiten, baizik eta errealitate guztia ezin konta ahala aldiz errepikatzea nahi du.

Hauxe dugu galdera: “Nahi izango ote nuke (ekintza bat egin) halako moldez non hori konta ezin ahala aldiz egin nahi izango bainuke?” Nietzscherentzat, zama astunena dela onartuta ere, pisu honek ez du borondatea zapaltzen. Aitzitik, egintza guztiak betierekoak direla jakiteak, botere-nahiarentzat estimulua da. Dekadentearentzat bakarrik bihurtzen da erantzukizun hori pisu ezeztatzaile eta elbarri. Moral taldekoiaren ustez, salbamena haraindian lortzea posible da. Haraindiko mundu horretan kokatzen da ustezko balio gorenak eraiki izango zituen jainkoa. Eta jainko horrek balio gorenak nola lortu daitezkeen inposatuko digu.

Nietzschek, ordea, ez du salbamenik nahi. Bere morala mundu naturalean mugatzen delako eta balio naturalak (bizitza, alegia) goratzen baititu. Moral zaharraren absolututasuna salatuz, Nietzscheren morala “ongiaz eta gaizkiaz” haraindi kokatzen da; hau da, ustezko kontzeptu moral gorenaz haraindi. “Ona” eta “txarra” izango dira Nietzscheren moralaren kontzeptuak: “Zer da ona? Gizakiarengan ahalmen-sentimendua, botere-nahia, ahalmena bera goratzen duen guztia. Zer da txarra? Ahultasunetik datorren guztia”

Beraz, alde batetik nihilismo aktiboa (botere-nahi aberatsari dagokiona) moral zaharra kritikatzeko eta suntsitzeko gai da. Eta beste aldetik, balore desberdinak dauzkaten beste moralak eraikitzeko kapaz da. Nietzscheren moralaren eta moral platoniko-kristauaren arteko desberdintasuna zera da: Orain ez dago erreferentzi puntu absolutu bat, gizakitik at kokatua. Gizakia bera moralaren zentro bihurtzen da. Gizakia da berak egindako egintzen erantzule bakarra. Horregatik, Nietzscheren ustez, idealaren kontra lortutako garaipenak gizakiaren askapenera darama.

Zaratustra,supergizakiaren asmatzailea izateaz gainera, betiereko itzuleraren sortzailea ere bada. Honako teoria hau baliteke izatea bizitza aintzakotzat hartzearen erakusgarri gorena. Halaber, bizitza bere horretan onartzen du supergizakiak, eta hala, bizitza behin eta berriro etengabe erre- pikatuko da xehetasun txikienekin ere. Arrazoi praktikoaren inperatibo kantiarra zen “joka ezazu zure ekintza jokabide unibertsala izango balitz bezala” horrela bihurtzen da Nietzscherengan: “maite ezazu eta bizi ezazu bizitza infinituki errepikatzea desiratzeraino”. Nietzschek mundu hau onartzeko deiadarra luzatzen du, bizitzaren hautabide guztiak bertan bila eta buru daitezen. Honako erronka honi, bizitzari, mundu barruan den moduan onartu eta hobetze lanari kemenez eta poz handiz heldu behar dio gizakiak.

Gora
Hurrengoa: Ecce Homo: Zergatik naizen patu bat, testuaren azterketa