Hasierara
Inprimatu

Aurrekariak: Ilustrazioa, Schopenhauer, Wagner


Ilustrazioa, Nietzscheren filosofiaren hasieran metafisika eta positibismoaren kritika egiteko eragina izan zuen arren, geroago haren kontra azalduko da, batez ere Kanten pentsamenduari dagokionez. Kanten asmoa, Jainkoaren existentzia eta arimaren hilezkortasuna giza arrazoi praktikoan oinarritzea gogorki kritikatu zuen.

Bere garaikidea zen Schopenhauer-en eragina nabarmena izan zen Nietzscheren filosofian. Schopenhauer XIX. mendeko lehenengo filosofo irrazionalista izan zen, baina, irrazionalismo ezkorra da. Bere pentsamenduaren arabera, munduan indar kosmiko bakar bat nagusitzen da: izateko borondate itsua eta existentzian irauteko nahia. Joera hau nonahi islatzen da: landareek indarrez lurrari atxikitzen zaio, animaliengan biziraupen instintua nabarmena da, eta gizakiaren desio irrazionalek gogor zuzentzen dute giza bizitza. Bizitza etengabeko desio asegaitza da: existentzia nahi dugu, baina existentziak ez dauka zentzurik: desio bat asetzen dugunean beste bat sortzen da gugan, eta honekin batera ondoeza. Munduan izateko borondate itsu eta irrazionalak, askotan sufrimendua eragingo du; mundua ez baita kosmos antolatu eta arrazionala, nahi kontrajarrien kaos hutsa baizik. Honela, estoikoek zioten bezala, bizitzaren helburua ezer ez nahi izatea izango litzateke, hori baita sufrimendua ekiditeko modu bakarra. Benetako bakea desio gabeko bizitza da, ekialdeko mistizismoaren nirbana edo ataraxia, artearen eta musikaren bidez lortua; edo bestela suizidioa.

Nietzschek ere, mundua kaos bezala ulertzen du, ados dago filosofoen eginkizuna ez datzala existentzia promes faltsuekin eztitzean; adibidez, haraindiko munduaren kontsolamenduarekin. Errealitatea den moduan onartu eta aurre egin: giza bizitza tragedia da, eta horrela onartu behar du izpiritu sendoak edo heroiak. Schopenhauer-en kontra, Nietzscheren irrazionalismoa ez da ezkorra, baikorra baizik: izateko nahia eta borondatea ez da ezeztatu beharrekoa; aitzitik, indartu eta garatu beharrekoa da; nahiz eta horrek batzutan sufrimendua ekarriko duen beste batzutan poztasuna ere emango digu-eta. Nietzscherentzat, benetako pentsalaria gizaki tragiko eta argia da, alaiki dantzatzea atsegin duen heroi dionisiakoak bizitzari zentzu berri bat emateko gai da.

Wagner-en eragina ezberdina da: hasiera batean Nietzscheren lagun-mina izan zen. Nietzscheren ustetan, bere lehenengo operek (“Walkiriak”), izpiritu askearen lana islatzen dute: antzinako heroiak, jainko alemaniar zaharrak, eta Natura goresten zituztelako. Baina geroago “Parsifal” opera konposatu zuenean, Nietzschek Wagnerrekin harremana moztu zuen, ideial kristauak goraipatzen zituelako. Nietzschek inoiz ez zuen bere lagunaren traizio hau barkatu.

Gora
Hurrengoa: Susmoaren filosofia eta bitalismoa