Hasierara
Inprimatu

Esklaboen morala eta Jaunen morala: Ongiaz eta gaizkiaz haraindi


Gizartean indarrean dauden balore nagusiak, txiki-txikitatik barneratzen ditugunak, ongia eta gaizkiaren arteko oposaketa asmatu zuten platonismoa eta kristautasunak inposatu zituenIlustratuek, erlijioak egindako jainkoaren ideiari buruzko irudia gogor eraso zuten, baina kristautasunaren oinarrizko baloreak bereganatu zituzten: lagun hurkoarekiko maitasuna, sufritzen dutenekiko errukia, instintu gaiztoen ukapena, apaltasuna, betebeharrarekiko begirunea, justizia, giza berdintasunaren nahia eta abarreko baloreak indartsuago agertu ziran Kantek giza arrazoian finkatu zituenetik. Kantentzat, balore moral hauek arriskuan zeuden bere antzinako oinarri metafisikoa ez zelako batere segurua, horregatik oinarri seguruago bat bilatuz antzinako morala salbu utzi zuen.

Baina zertan datza Nietzschek ezarri nahi duen morala? Ongia eta gaizkiaz haraindi dagoen ikuspegi berria, alegia. Hau lortzeko, moralaren genealogia egiten du, hau da, balore horien sorburuari buruzko azterketa, baloreen jaiotzan ikusten baita balore horiek sortarazi duten sentimenduen nobletasuna ala zitalkeria. 

Baloreen sorreran, borondatea aktiboa eta sormenezkoa bada, goiko baloreak sortuko dira: Jaun edo handikien morala. 

Aldiz, sorburuko nahimena bizitzaren ukatzailea bada, mesfidati eta erresumina, beheko baloreak sortuko dira: Esklabo edo artaldearen morala.

Jaunaren moralaren ikuspuntutik ona hau da: bizitzaren jatorrizko bertuteak konplitu ahal izateko gizabanakoa hobera daramana. Beraz, ona gudaria da, heroia, eta soldaduari datxezkion ezaugarri guztiak ere bai: bizitza, boterea eta plazerra maitatzen ditu. Makala, bestearen lepotik bizi dena, eta inozo samar pentsatzen duena, txarra da jaunaren moralaren ikuspegitik.

Jaunen morala, bere baloreak sortzen dituen pertsonarena da, ez du bere jokabidearen onarpena besteongan uzten. Zoriontasuna bere ekintzen bidez eta beregan lortzen du. Botere eta betetasunaren sentimenduaz gidatua, zorigaiztokoak laguntzen baditu, ez da gupidatzen delako, baizik eta gainezka duen gehiegizko indarrarengatik. Hitz egiten eta isiltzen badaki. Zorroztasunez eta gogortasunez hartzen du bere burua. Konfiantzaz eta zintzotasunez bizi da. Une batean haserretzeko gai da, horregatik ez dago minduta (erresumina). Bere garapenaren kontra doan guztia arbuiatzen du. Horregatik morroien balore doilor eta ahulen kontra azaltzen da: jauna delako, ez esklaboen jabea, bere buruaren jauna eta burujabea delako. Supergizakiaren morala da, Jainkoaren heriotza maite duenarena.

Berri Txarrak, denak ez du balio
Letra

Esklaboen morala ez da bizitzarekiko maitasunetik sortzen, aldiz, ekintza debekatuta dutenen gizabanako koldar eta ahulen morala da. Esklaboen morala bizitzaren baloreen kontrakoa da: «Ona» tolerantea, umila, laguntzeko eta lan egiteko prest dagoena beti, behartsua da; errukiorra, pazientea, etsipenez bizi den pertsona sakrifikatua, Jainkoaren bildotsa, bakezalea, beste masaila ematen duena; dohatsuak: sufritzen dutenak, gizajoak, gaixoak. Morroiaren moralak desberdintasunetan berdintasuna bilatzen du, eta apartekoa, ohiz kanpokoa zorrotz kritikatzen du, beldurgarria baita, esklaboarentzat.

Nietzscheren aburuz ona eta tentela hurbilegi agertzen dira esklaboen moralean, eta horrela salatzen du. Esklaboak, bere bizitza eta existentzia erosoagoa bihurtuko duena bilatzen du. Berarentzat zoriontasuna, narkotizatuen egoeraren antzeko erosokeria da, “narkosis” edo zorabialdia, bakea, zapatua, pasibitatea. Beldur da bere haserrea azaleratzeko, horregatik mendekaria eta erresumindua da. Bere intentzioetan okerra da, begirakunea, isiltasunaren gordelaria, ahazten ez dakiena, txikiagotzen dena, makurtzen dena.

Mikel Laboa, bedeinkatua 
Letra

Hurrengoa: Moralaren genealogia

Gora