Hasierara
Inprimatu

Nihilismoa


Dudarik gabe, Nihilismoa Jainkoaren heriotzaren ondorio bat da. Ordura arte zeuden balioak, gizakiari babesa eta argibidea ematen ziotenak, bertan behera daude itota. Gizatasunaren eta animalien arteko desberdintasunaren iturri bilakatu zen transzendentzia berez dago gainbeheran, porrotaren arrazoiak barnean dituelako. Bizitza gordinaren baitan itolarrian bizi direnei bere nahigabean goiari eusteko gomendatzen die kristautasunak. Horregatik, bizitzaren eredu moduan mantsotasuna jartzen duen heinean, bizitzari berari eraso egiten zaio. Ondorioz, bizitza tinkoa ukatuz, nihilismoaren lehen aztarnak jartzen dira moraltasun tradizionalaren eskutik. Gorputzaren edo bizitzaren desirei uko egitea inora ez daraman bidea da.

Jainkoaren heriotza onartzeak zentzurik gabe, itsasorratzik gabe egon dela jakitea suposatzen du. Nihilismoa. Nihilismo hitzak (“Nihil” latinez)”ezer ez” adierazten du. Erromantikoak hasi ziren lehenengo aldiz termino hau erabiltzen uste sendo eta balore ezaren egoera adierazteko. Schopenhaueren filosofiari ere aplikatu zaio bere izaera ezkorragatik. Baina kontzeptu honek Nietzscheren filosofian bere zentzu filosofikorik nagusiena hartzen du.

Nietzschek bi zentzu eman zion Nihilismoari:

Nihilismo ezkorra: Jainkoaren heriotza dela eta, iritsi den egoera eta emaitza da nihilismo ezkorra. “Egia” zaharrak (gezurrak) galdu dituztenen nihilismoa, alegia. Tradizio platoniko-kristauaren dekadentziaren emaitza, hain zuzen ere. Bizitza arrazoiaren funtzioan jartzeak, eta ez arrazoia bizitzaren funtzio gisa, errealitatearen zentzuaren galera ekarri du. Nihilismo ezkorra kultura eta gizaki europarraren beherakadaren egoera eta emaitza da. Nietzscheren ustez, nihilismo ezkorrak “azken gizakia” sortarazi du: Zaratustrak iragartzen duen supergizakiaren aurrekoa. Gizaki hau suntsiezinezko landare zorri bat da, gehien irauten duena, guztiz arbuiagarria pragmatismo, zientifizismo eta teknokraziarekin konformatzen delako. Jainkoaren ordez bere erosokeria jarri du eta bere burua mesprezatzeko ez da gauza.

Nihilismo baikorra: Nietzschek jainkoaren heriotzak suposatzen duen ukapenaz ondorio guztiak atera nahi zituen, horregatik nihilismo ezkorra gainditu beharrekoa da. Jainkozko krisiaz baliatuz kultura berri bat, eta balore berriak sor daitezke. Nihilismo baikorrak tradizio platoniko-kristauari ukapen argitsuan datza; izatearen, errealitatearen eta gizakiaren ikuspegi berri bat eskuratzeko, bizitza bera berriro baloratzeko asmoz. Ohizko baloreak (balore faltsuak) desegitea izpiritu sendo, argitsu, aske eta handikien jarrera da. “Ukatzaile handia” dela dio Nietzschek testuan, “Baietz esaten duen ukatzailea naiz”. Ukazio honek aukera eta bide berriak zabaltzen dituelako. Zentzurik ezaren erabateko onarpena benetako zentzua sor dadin ezinbesteko baldintza da. Honelaxe soilik, bizitzaren zentzua eta supergizakia ager daitezke.

Nihilismo pasiboaren atzaparretan harrapatua dagoen Azken gizakiak

Aurreneko urratsean, metafisikaren, erlijioaren eta moralaren hondamendiaz ohartzen den unean, eginahal handiak egiten ditu gizakiak balio zaharrei eusteko, desagertzear dagoena indarberritu nahian.

Hurrengo batean, gizakiak bere buruari mesprezua dio, baita errukia eta gorrotoa ere. Gizakiak, suminaren ondorioz, bere burua suntsitu nahi du, horregatik, gizakiaren goitik-beherako erabateko eraldaketa suertatzean, hondamenaren fasea dator. Nietzschek iragartzen duen historia fase hori etortzeke dago, baina datozen bi gizaldietan zehar iritsiko dela uste sendoa du.

Horrekin guztiarekin, ez du bere nahia agertzen. Balio guztien eraldaketaren ostean jaunen morala eta erabaki ahalmena nagusituko dira. Une horretan, nork bereari eutsiko dio, guztion gainetik eta guztion aurka bada ere. Gizaki bakoitzak gizabanako bezala jokatuko du eta askatasun osoz erabakiko du, bere burua inoren mende jarri gabe, balioak ez baitira onak edo txarrak inork agintzen dituelako, ez erlijioak, ez botere politikoak. Egoera berri horretan garailea, setatsua eta indartsua dira balioen egileak. Ez diote inongo balio eskalarik proposatuko artaldeari; norberari bere jokabideak eragindakoak, inoren mende ez dagoenean hautatutakoak izan daitezke. Beraz, askatasun osoa, eta indarrean dagoenari muzin egitea dira Nietzscheren proposamenak.

Nihilismora daramaten beste bide batzuk daude, historiari buruzko ikusmolde erromantikoa, positibista, hegeliarra, eta marxista, besteak beste, aurrerapenaren ideia, historiaren urrats guztiek helmuga jakin bat dutela pentsatzea. Historiaren gertakizunek halako helbururik ez dutela ohartzean etsipena sortzen da, ostean sumina eta, azkenik, nihilismoaren sentikizunak jota, munduak zentzurik ez duela ohartzen da gizakia, eta kale gorrian bezala geratzen da, hots, «goian zerua eta behean lurra» dituela. Nondik datorren eta nora doan jakin barik, mundura jaurtikia izan den ustea ere gizakia nihilismorantz bultzatzen duen beste faktore bat izan daiteke.

Horrez gainera, metafisikak mundu honen bestaldean atzematen zuen mundu faltsua ezerezean geratu denez gero, aterperik gabe geratu da giza taldea. Mundu transzendentea zen gizakiaren bizitzari zentzua ematen ziona eta, orain, honen hutsuneak itxaropena galarazten dio gizaki modernoari. Gizakia uneoro ari da gauzak eta gertakizunak baloratzen, batzuk bizibidearen gidari jarriz eta beste batzuk, errefusatzen direnak, ahal den neurrian bazterrean utziz. Eta balorazio ereduak guztiz eraldatzen diren honetan, badirudi gizakia ezerezean amildu dela. Aurreko kulturaren idealak desagertzen diren neurrian, nihilismoa agertzen joango da (lehenik modu pasiboan eta gero aktiboan), balorazio zaharkituen hondamendia bizkortu eta areagotzeko, aldaketa horiei aurrea hartzen dien arte. Idealismoak bizitzarekiko sortzen duen itxurakeria faltsua sinesten ez duelarik, gogo biziz eta adore handiz bizitzari baiezkoa eman behar zaio.


Hurrengoa: Hiru metamorfosiak

Gora