Hasierara
Inprimatu

Moralaren genealogia



Nietzschek Mendebaldeko kulturaren azterketan balore ahulak balore sendoen gainetik inposatzen ari direla ikusten du. Ahulek bere irizpidea inposatu dute. Horrela gertatu zen Lehenengo Iraulia. Antzinako grekoen aristokrazia gudariaren baloreak elizgizonen klaseak gailendu zituztenean. Gizaki ahul, apal, mantso eta morroiak izan ziren gizaki sendo, ausart, gogotsu eta egiazkoen garaileak.

Grekoen artean “eu prattein” (ongi jokatzea, norberak hoberena ematea) eta “eu daimon” (edo “daimon” ona, zoriarekin lotuta dauden iratxo antzeko batzuk, onak edo txarrak, zortearen araberakoak) lotuta zeuden. Zoriontasuna ez zen ongi jokatzeagatik merituzko saria, patu on baten emaitza baizik, “izar” onarekin jaiotzen denaren patua, hain zuzen ere. Ongi jokatzea, zori-ona izatearen emaitza zen, eta gaizki jokatzea zorigaiztoen izaera. “Areté”, “aristos” hitzetik dator (hoberena, helburu baten lorpen betea). Antzinako Grezian, “Areté”, bertutea, eta adorea daukanari dagokio, batez ere gudarako indar eta ausardia. Bertutea izpiritu sendo, handiki eta aristokraten (“aristos” + krazia, “poterea”) ezaugarria da, jaiotzez “areté” (bertutea, adorea eta indarra) dutelako. Antzinako grekoek patuaren beldurrez bizi ziren, patuak “areté” -aren lorpena ezinezkoa bihurtu zezakeelako edozein momentutan. Adibide klasikoa, Aquiles, Troiako gudako heroia.

“Areté” latinez, “virtus” esaten da (bertutea, adorea, kemena, ausardia), eta “vir” hitzak, sendoak, heroiak, gudariak eta libreak ziren gizonak izendatzen zituen. Gaztelerazko “virilidad” (gizontasuna) hortik dator. Kontrako hitza “infirmus” (gaixorik, burutik jota) ahultasuna da. Zortearen arabera, batzuek arete daukate, sendoak, indartsuak, eta aristokratak, hau da hoberenak; beste batzuk, aldiz, ahulak dira, ez daukate indarrik ez bertuterik.

Baina antzinako grekoen ikuspegi hau Sokratesek buruz behera jarri zuen zoriontasuna ongi jokatzearen ondorioa dela baieztatu zuenean. Kristautasunak, zerua, infernua, eta bekatua gehitu zituen, eta antzinako baloreen iraulpena inposatu zen. Antzinako ahultasuna (infirmus) eta zakarkeria, bertute bihurtzen dira. Bertuteak, paradoxikoki, indarra, irrikak eta giza harrotasuna ukatzen ditu. Alderantziz, grekoek ederretsi zituzten balore eta jokaerak gaitzesten ditu . Kristau moralak ona eta txarra kontzeptuak sortu zituen, eta handik aurrera, bi zatitan banatzen du mundua (dualismoa). Ongia eta gaizkia elkartezinak dira, borrokan daude eta bata besteari inposatu behar zaio.

Nietzschek, irauli honen kausa Erresuminduen Psikologian ikusten du. Erresumindua, ausartzen ez delako, berari falta zaiona txartzat jotzen duelako. Bereganatzera ausartzen ez dituen arriskuak, eta eskuratzeko gai ez den plazerrak, gaitzat hartzen dituena. Indarra eta ausardia falta zaio eta bekaiztia da, eta bere inbidiaz bere ezintasuna adierazten du.

Bestearen indarra bereganatzeko gai ez denez, gaizkiaren kontzeptua, lege moralak eta jainko epaile bat asmatzen ditu. Jesukristo gurutzean kristauen bekatuak garbitzeko hil zena, eta Kristau bekatariak, errudun sentitzen direnak. Beraz, sufrimenduz josia bizi izan denak, zeruan betiereko zoriontasuna izango du. 

Moral kristaua bizitzaren kontrakoa da, bizitzaren garapenaren kontra dauden legeak proposatzen dituelako, horregatik erresuminduek, grinen, instintuen eta mundu biologiko eta naturalaren kontra agertzen dira.

Nietzscheren ustez bi moral mota bereiztu daitezke: Jaunen morala, eta artaldearen morala:

Jaunak, mundu ez sentigarrien baloreez barre egiten du. Bizitzaren balore “aktiboak” (beti aldekoak) bultzatzen ditu. Bizitzari baietz esaten dion morala da. 

Artaldeak, uko egiten dio bizitzari eta balore “erreaktiboak” (beti aukakoak) bultzatzen ditu. Bizitzak duen izaera tragikoa menperatzeko, eta bere ezintasunak eragindako estutasuna leuntzeko, jainkoa, beste mundu bat, eta lege moralak asmatzen dituzte. Apaizak dira moral honen eredurik aipagarrienak: zoritxarrekoak onak direla aldarrikatzen dute, eta behartsu, ezindu, gaixo, eta itxuragabekoak jainkoak bere erreinuan onartuko dituela baieztatzen dute.

Nietzscheren ustez, gero eta gehiago zabaltzen ari da moral gregarioa, artalde-morala, denon erabateko berdintzea bilatzen duena. Esate baterako, anarkisten eta komunisten morala, zeinak azken finean, Nietzschek, moral kristautzat jotzen ditu. Moral antinaturala inposatu da, hau da, gauzen izaeraren aurkako morala, desberdintasuna naturala baita. Esklaboen moralak instintu, pasio eta bizitzaren aurkako joera zabaldu du.

Nietzschek, bere garaian, Europan indarrean zegoen moral eta kulturari buruzko diagnostikoa egiten du. Baloreen lehenengo irauli honen ondorioz indargabekoek sendoei irabazi diete. 

Baina jainkoaren heriotzak eta nihilismoaren onarpenak moral berri bati ateak irekiko ditu, bizitzarekin bat egiten duen morala, antzinako handikien moralaren antzekoa. Moral hau ohizko balore guztien alderanzketa edo “transbalorazioa” izango da, Bigarren Iraulia: kristau moralak gaizki ikusten zuena ontzat hartuko du. Indarra, giza harrotasuna, boterea, abentura, arriskua, sormena, noblezia eta nagusitasuna ederretsiko ditu. Jainkoaren heriotzak eta nihilismoak bizitzaren aldeko balore aktiboak sortzeko bidea prestatzen dute. Bizitzarekiko maitasunetik eta bizitzeko pozetik sortutako moral hori dela onar daitekeen bakarra. Horren arabera, «ona» indartsua, menperatzailea, harroa eta beldurgarria esan nahi du; aldiz, «gaiztoa» arrunta, umila, gezurtia eta mendekoa da.

Hurrengoa: Jainkoaren heriotza

Gora