Hasierara
Inprimatu

Kristautasunaren kritika




Erlijio oro beldurretik sortzen da, bizitzaren eta heriotzaren aurrean, gizakiak dituen larrimin eta ezintasun sentimenduetatik. Erlijioak, naturaz gaindiko izaki transzendente eta perfektuetan sinestean (jainkoa, hil eta geroko beste bizitza bat), metafisikak burututako akats berbera gauzatzen du. Nietzscherentzat, kristautasuna platonismo herrikoia da, ahulentzat eta esklaboentzako filosofia eta morala.

Bestalde, erlijioak balio dekadenteak proposatzen ditu; artaldearen balioak edo esklaboenak: umiltasuna, mendekotasuna, obedientzia, sakrifizioa eta antzekoak, guztiak bizitzaren senaren aurkakoak: bekatua, errua, damutasuna eta penitentzia bezalako kontzeptuekin burutzen ditu erlijioak bizitzaren kontrako atentatuak. Nietzschek, gorputza, bulkadak, senak, balio estetikoak eta grina arbuiatu izana leporatzen dio kristautasunari. Hori dela eta, garaiko gertaerarik garrantzitsuenak, Jainkoaren heriotza hain zuzen, gizakiaren erabateko garapenaren ateak zabaltzen ditu, bere indar sortzaileak hedatzeko. Kristau jainkoa, bere debekuak, aginduak eta guzti, alde batera gelditzen dira. Era honetara, gizakion begiak ez dira haraindiko munduaren gezurraz arduratuko, "zeruko" mundura jo beharrean, honako mundu honetan bizitzen saiatuko dira.

Hemen dituzue Adeste Fideles kantaren letrak, latinez, eta gazteleraz

Jainkoaren ideiaren sorrera ametsezkoa da guztiz; are gehiago, gizakiak berak har dezake Jainkoak uzten duen lekua balioen sortzaile moduan eta legegile gisa. Jainkoa desagertutakoan, berari atxikitzen zaizkion balio kristauak ere desagertu egingo dira, nahiz eta balio horiei egunean eusten dieten erlijioz kanpoko moralak, sozialismoak eta demokraziak, batik bat, iraun egin duten. Lehenago edo geroxeago, Jainkoaren heriotzak balio absolutu eta esklusiboen hondamena ekarriko du. Hala dio Nietzschek. Balioei horiei egingo dien arbuioa nihilismoaren ezaugarria da eta, bere ustez, horrek argi izpiak dakartza Europara. Izan ere, kristautasunaren debekuak eta aginduak suntsitutak, Jainkoarenganako fedearen desagerpenak gizakiaren jatorrizko indar sortzaileak askatuko dituenez gero, gizakiak ez dio mundu honen bestaldekoari helduko, hemengoari baizik.


Hurrengoa: Ongiaz eta gaizkiaz haraindi