Hasierara
Inprimatu

Jainkoaren heriotza



Jainkoa hil da. 

Nietzschek Metafisika eta Mendebaldeko Kulturari gertatutakoa adierazi nahi du.

 Jainkoarenganako sinesmena desagertu egin da eta, honekin batera, giza-bizitzak bere zentzu eta orientabidea galdu du (nihilismoa).

“Zientzia alaia” lanean Zoroak Jainkoaren heriotza iragartzen du:

“Guk hil dugu”, dio zoroak pasartean, Jainkoaren heriotzak sortu duen porrotaren, jipoiaren eta nahasmenduaren adierazle gisa.

Iparra galdu dugu. Jainkoaren heriotza ezinbesteko erreferentzia puntua da gizaki askeak moralaren eraldakuntzari ekin diezaion. Bere iritzian, Jainkoaren heriotza gertakizun historikoa da, une zehatz batean gertatu ez bazen ere. Azken batean, gizon-emakume guztiek eragin duten heriotza da .

Jainkoaren heriotza Errenazimenduan hasi eta Ilustrazioan zehar jarraitu zuen. Errenazimendura arte jainkoak munduari zentzua ematen zion, erakunde politiko eta agintaritzaren oinarria zen, munduko ezagutzaren funtsa jainkoa zen, berak, naturari lege naturalak inposatu zizkiolako. 

Nietzscherentzat jainkoaren heriotza erlijioak asmatutako trans-mundu eta idealismo guztien ukapena adierazten du, hau da, bizitza itzal bihurtzen duen gezur handien salaketa. Jainkoaren ideia, “egiazko” munduaren euskarri bezala ulerturik, bizitzaren etsai handia da. Baina “izpiritu askea” ideia horrekiko begirunea galtzeko prest dago. Jainkoa hil dela onartzeko gai da, hau da, “egiazko mundua” suntsitzeko beharra bereganatzeko gauza da; metafisika deuseztatu behar dela eta bere ordez ezin dela ezer ipini baieztatzen du.

Ez du ezertarako balio Jainkoaren Ideia Gizadi, Zientzia, Arrazionalitate, Ideia, Teknika, Estatua eta abarreko ideiaz ordezkatzea (ikusi garaia)

Hori antzematen duen lehendabizikoa, hau da, Jainkoaren heriotzak uzten duen hutsuneaz ohartzen dena, pasartean aipatzen den zoroa da. Zirrara hunkigarri batek jota, bere onetik aterata, oihuka hasten da, “Jainkoa hil da!”, zertaz konturatu den ezin sinetsirik eta ingurukoen barre algara sortzen. Honelaxe ematen du Nietzschek bere iragarpenaren berri aipatutako liburuan. Jainkoaren heriotzaren ostean, gizakia bere moduko giza lagunari mintzatuko zaio, aurrez aurre, elkarri aldarrikatuko diote gizakiaren garapen osoa benetan gertagarria dela.

Ondorengo urratsak, Jainkoaren ostekoak, alegia, bi dira: bata arriskutsua eta bestea txalogarria. Arriskutsua; Azken gizakia, honako hau da, idealismoaren eta transzendentziaren hondamendiarekin gizakia goian zerua eta behean lurra geratzea. Gizakiaren bizibideari argia eta norabidea ematen ziotenak galduta, noraezean gera daiteke gizakia, bere bizi-poza goibeldurik, eta zakartuta bere jokaera. Bizitza moralaren aztoramendua eta txikikeria Jainkoa hil osteko arriskuak dira. Azken gizakia gu guztiok gara —Honela mintzatu zen Zaratustran adierazten duen gisa— bizitzaren asperdura ekiditeko, aisialdia besteek antola diezaioten uzten duena; azken batean, hil artean besterik gabe bizi den gizakia, beldurrez, ez atzera ez aurrera (Nihilismo pasiboa).

Honela mintzatu zen Zaratustra izeneko liburua da Nietzscheren heldutasun aroko filosofiaren agerpenik landuena, ilunena eta ezagunena. Liburu horrekin goren puntura iritsi zen bere filosofia. Idealismo oro galduta, inolako asmorik eta indar sortzailerik gabe dagoen azken gizakiaren aurrean, supergizakiaren itxaropenaz arituko da Zaratustra. Edozein proiekturi ekiteko gogoa galduta, gizakiaren pasibitateak nihilismo ezkorra ekarriko du, azken gizakiak «egonean egon» besterik ez du egingo.

Bestetik, txalogarria litzateke Supergizakia sortzea, egoera berria oharturik, gizaki berriak sormena gara dezakeela (Nihilismo aktiboa).

Hurrengoa: Nihilismoa

Gora