Hasierara
Inprimatu

Hiru metamorfosiak



Honela mintzo zen Zaratustra liburuaren lehenengo hitzaldian, Zaratustrak jainkoaren heriotzaren ondorioz, gizakiak biziko dituen metamorfosiak azaltzen ditu: Lehendabizi, izpiritua gamelu bihurtzen da, ondoren gamelua lehoi eta, azkenik, lehoia haur bihurtuko da.

Gamelua, bizkar gainean daraman zama arrastaka eta atsekabe handiz eraman behar du. Mendebaldeko balore ustel eta ideia faltsuei men eginez makurtzen den gizakia da. Gizaki mota honek ez du bizitzan erraztasunik izan nahi, eta arinkeria arbuiatzen du, bere errua garbitzeko sakrifizioaren seinale. Agindu astunak, zorrotzak bete nahi ditu, Jainkoaren esanekoa agertzeko helburuarekin. Esan gabe doa, etsi-etsian bizi nahi duela, eta betebeharra bere bizitzaren goiburu bezala jarririk. Makurrean, munduan zehar garrasika, bizi den gizon-emakumearen bizibidea horren bortitza den asmatzeko, berriro ere Xabier Leteren poesiara jo daiteke Nietzscheren pentsakizunak irudikatzeko.

 Xabier Leteren “Ni naiz” 
Letrak 
Doctor Deseok kantatua 
Xabier Leteren "Giza Aberea" 

Basamortuan zehar doala, gamelua lehoi bihurtzen den unean, idealismoa gainbehera dator. Horrek esan nahi du lehoiak bere zama arintzea lortu duela, edo beste era batera esanik, ordura arte estutzen duten larriminak bizkar gainetik kendu dituela. Bere aurreko ergelkeriaz eta nahigabeaz jabeturik, moral kristauarekin lehian, indarrez inposatu dioten bizimoduaren aurka azalduko da. Lehoiak ezetza luzatzen dio gameluari, alegia, bere burua agertu nahi du, betiere aurrekoaren kontrakotasun gisa. Halere, indar nahikorik ez du balio berriak sortzeko.

"Por qué más es menos"  dokumentala

Horrexegatik, lehoia haur bihurtzen da, haurrak soilik baitu balio berriak sortzeko sormen askea . Haurrak, jolasean aritzen denean, joko berriak eta egoera berriak dastatzeko batere oztoporik ez du, eta «bai» erantzun ohi dio ezezagunari. Nietzscheren ustez, joko jarduna, bizitzak izan behar duen aurrerapausoa adierazteko metafora esanguratsua da.

Gaur arteko balioak maldan behera dauden honetan, badirudi bizibidearen helmuga edo zergatia ezabatu egiten direla. Jainkoaren aginpidean zeuden balioak, zertan segitu ez dago. Hortaz, nola edo hala, zer egin adierazten duten oinarriak galduz doaz. Egoera honetan, edozer gauza egin dezakegu?

Bere izatez agortuz edo ahulduz doan metafisikaren bukaeran dago gizadia, dagoeneko. Nietzschek bizkortu egin nahi du prozesua, eta horren adierazgarri dira Zaratustraren hizketaldi batean agertzen diren hitzak: "Jausten ari denari bultza egin behar zaio".

Bide horretatik jaioko da supergizakia, noiz edo noiz. Beraz, nihilismoaren ondorioetako bat super gizakiaren etorrera da. Etorkizunean gizatasuna jatorrian garatzeko aukera berriak daudela. Izan ere, gizatasuna, lehen esan bezala, historikoa da, batetik askea delako, eta bestetik, nahiak dituelako. Lurretik kanpoko mundu batean gauzatu barik, lur honetan gauzatuko ditu gizakiak bere nahiak.


Hurrengoa: Supergizakia (Laburpena)

Gora