Hasierara
Inprimatu

Dionisos eta Apolo


Apolineoa eta Dionisiakoa; termino hauek lehenengo lanean “Tragediaren jatorria musikaren izpirituan”, agertzen dira.

Lan honetan, Nietzschek antzinako Greziako kultura aztertzen du, eta gure mendebaldeko kulturaren sorrera eta giza izaera kultura honetan islatuak ikusten ditu.

Greziako kulturan bi joera kontrajartzen dira (batez ere agerkunde artistikoetan): Apolineoa eta dionisiakoa, bakoitza jainko bat sinbolotzat hartuz. Nahiz eta kontrajarriak izan, elkarren beharrean aurkitzen dira eta elkar estimulatzen dute. Grezian, hasiera batean, bi jarrera hauek harmonian ematen ziren, batzutan bata eta bestetan bestea nagusitzen zelarik. 
Baina, batasun hau Sokratesek apurtu zuen Apoloren alde agertuz eta Dionisos arbuiatuz, hau da, arrazoiari lehentasuna eman zion, eta bizitza bere zerbitzuan ezarri zuen. Nietzschek, gure mendebaldeko kultura eta izaeraren sorreran, Sokratesek egindako banaketa honek izugarrizko eragina duela pentsatu zuen: handik aurrera, arrazoiak bizitza zapaltzen du, eta Dionisos Apoloren menpean dago.

Apolo argitasunaren eta neurriaren jainkoa da, formak eta ideiak erakusten dituena; edertasunaren ideiala da, eta arrazoiaren adierazgarria. Apolo, Delfoko tenpluan gurtzen zen (“zure burua ezagut ezazu”): identitatearen jainkoa da, norberak bere buruarekin adostasuna bilatzearena. Artean, pinturan, eskultura eta arkitekturan islatzen da; amaitutako arte espazial eta estatikoetan (Fidiasek egindako Delfoseko Apoloa eskulturan bete beharko den neurritasunaren eredutzat hartuko da)

Dionisos, aldiz, itxuragabea eta neurrigabearen adierazgarria da, sexu kilikaduren, gizakiaren alde afektiboaren eta grinen jainkoa. Naturarekiko kidetasuna, jaia eta instintuak adierazten ditu. Besteekin eta unibertsoarekin bateraraztea eragiten du. Dionisos, Natura bezala, etengabeko aldaketaren eta birjaiotzaren jainkoa da: natura zikloa etengabe errepikatzen da, urtaroak hasten dira eta amaitzen dira berriro hasteko. Ardoaren jainkoa da, eta bere eguna ospatzeko etengabeko dantza eta jaia orgiastikoak egiten ziren (Bakanalak). Artean, joera dionisiakoa, bukatugabeko artetan ematen da: poesian, musikan, dantzan. Arte hauek une baterakoak dira: behin entzun edo ikusi eta gero desagertzen direnak.


Sokratesek alderanzketa bat sortu zuen munduan (lehenengo iraulia):

Bizitza arrazoiaren funtzioan hartzea eta ez alderantziz, arrazoia bizitzaren zerbitzuan (logikoa denez). Aldaketa honek gizadi eta kulturaren gainbehera suposatzen du: balore bitalisten ordez, arrazionaltasunaren erreinua ezartzea; mundu errealaren ordez, arrazoiak “asmatutako” mundu faltsua. Era honetan, antzinako Apolo eta Dionisosen arteko batasuna galtzen da, apolineoa irabazle agertzen delarik. Baina apolineoari bere ezinbesteko osagarria falta zaio.

Prozesu honek Platonekin eta kristautasunarekin jarraitu zuen gero eta gehiago finkatuz. Mendebaldeko kultura arrazionalista hutsa da, zientzia eta teknika bultzatu ditu, giza sentimenduak zapalduz. Ezin bizi daitezke bata bestea gabe. Nietzschek, aipaturiko bi joeren oreka berreskuratzeko aldarrikapen sutsua egin zuen. Joera zientifiko arrazionalista (Apolok erakusten duena) ez da errealitatearen mugikortasunaz ohartzen: ez dago ez espiriturik, ez arrazoimenik, ezta egiarik ere; horiek guztiak fikziozkoak dira, baliorik eta etekinik ez dutenak. Giza eboluzioaren eragile nagusia ez da adimena edo jakiteko grina, botere nahia baizik. Dionisos jainkoak gizarte-arauak hautsi eta nahiak askatzeko deia egiten du, bizitzaz gozatu eta jai giroan ospa dadin. Filosofia arrazionalak, aldiz, Sokrates eta Platonez geroztik, arimaren egitekoak gorputzaren gainetik jartzen ditu. Baina soilik apolineoa eta dionisiakoa batzen jakingo duenak bizitzaren benetako zentzua aurkituko du. 


Hurrengoa:  Metafisikaren kritika

Gora